Back

Non daude gure ikasle ohiak?

Xabier Isasti getariarra eta Aitor Gabirondo zarauztarra gure eskolako ikasle-ohiak dira. Biek Donostiako Ceinpro zentroan diseinu grafikoko erdi-mailako eta goi-mailako ikasketak egin ostean, egun IED – Instituto Europeo de Diseño – Unibertsitateko ikasleak dira, Isasti Bartzelonan eta Gabirondo Madrilen. Biekin bideo-dei bidez solasaldi polita izan dugu. 

Nola gogoratzen dituzue La Salleko ikasle garaiak? 

Xabier Isasti: Ba La Salleko garaiak ez ditut oso urruti ikusten eta aldi berean, denbora oso azkar pasatu izanaren sentsazioa dut. Ez ginen oso ikasle finak, biak errepikatu genuen. DBH4-ean Maite orientatzaileak eta Edurne nire tutoreak asko lagundu ziguten eta nik oso argi nuen zer ikasi nahi nuen. Horrek ere asko lagundu dit. Nork esango zigun guri orain unibertsitatean egongo ginela, benetan hain gustukoa duguna ikasten? 

Aitor Gabirondo: Bai egia esan, ez ginen oso ikasle onak. Errepikatzeko garaia gogorra izan zen oso, asko sufritu nuen, baina behin zer ikasi nahi genuen jakin genuenean, langileak garela erakutsi dugu biok. Orain oso nota onak ateratzen ari gara, proiektu ezberdinak egiten. Azken batean, nahi duzun hori egiten duzunean, ez dago mugarik, eta gu horren adibide onak gara. 

Diseinua nolatan? 

Isasti: ni beti asko fijatu izan naiz diseinuan, eta oso argi nuen hortik jo nahi nuela. Nire gurasoek ere asko animatu ninduten. 

Gabirondo: nik agian hasiera batean ez nuen hain garbi, baina behin hasi nintzenean, hau niretzat zela argi ikusi nuen. Erdi-mailako zikloan jende asko zegoen, diseinuaren hautua egin zuena, baina ikusten zen ez zela gustatzen zitzaiena. Guk erdi-mailako eta goi-mailako graduak egin ditugu, alegia lau urte egon ginen unibertsitatera etorri aurretik diseinua ikasten. Gainera, goi-mailako zikloan jada helduagoak ginen, eta ni orduan asko zentratu nintzen. 

Eta biok beti elkarrekin? 

Gabirondo: bai hala da, erdi- eta goi-mailako zikloak egin genituenean, bakoitza bere kabuz gehiago ibiltzen ginen, baina behin Bartzelonara joan ginenean biok elkarrekin, klase orduak, pisuan,… Egia esan, batak bestearengan eragin handia izan du beti; elkar motibatuz etab.  

Eta Getariatik eta Zarauztik Bartzelonara…

Isasti: aldaketa itzela izan zen, lehen egunetan arraroa zen guztia, baina hemen Bartzelonan diseinua asko bizi eta baloratzen dute, guretzat leku ona da. 

Gabirondo: nik gaztetan ere hainbat uda igaro nituen AEBetan, eta baita boluntario modura ere Bolivian, 2017an eta 2018an. Ohituago nengoen etxetik ateratzen, baina hala ere Bartzelonara iristean aldaketa handia izan zen. Hori bai, IED Unibertsitatean oso talde txikiak gara, eta hori guretzat oso ona izan da. Hale ere, nik Madrilera etortzeko gogoa nuen eta aukera suertatu zenean unibertsitate berdinak Madrilen duen egoitzara etorri naiz. 

Isasti: irakasleekin ere harreman estua dugu eta asko estimatzen dugu hori. Promozio txikia gara eta hori asko ari gara aprobetxatzen. Zorte handia dugu. 

Zer esango zenieke La Salle-tik atera ziren Xabier eta Aitorri?

Gabirondo: lasai egoteko, ez dagoela presarik, eta momentua gozatzeko. Lan asko eginez, pixkanaka-pixkanaka lortuko duzula. Eta ikasle bakoitza ezberdinak garela, eta agian batzuk beste batzuk baino denbora gehiago behar dugula, baina azkenean denok garela gai buruan ditugun helburu horiek betetzeko lana eginez. 

Isasti: orain ateratzen ditudan notak aterako nituela eta nagoen proiektuetan egongo nintzela norbaitek esango bazidan, ez nuen sinetsiko. Nire ustetan gakoa gustuko duzuna ikastea da, eta hau aurkitzean gauzak ez dira zerutik eroriko, baino askoz ere errazagoa izango da guztia.