Eskola kirola

8 – 12 urte bitartean

Zarautz, herri kirolaria da oso, Euskal Herriko kirolarienetakoa. Zorionez kirol elkarteen nahiz beste eragileen eskaintza zabala da oso, eta herriak eta bere inguruneak kirola egiteko erraztasun
ugari ematen ditu. Zein da ikastetxeon papera kirolaren esparru honetan?

Zarauzko La Salleko kirol planteamendua ez da gauza berria, aspalditik jorratutakoa baizik.
Ikastetxeak betidanik ulertu du kirola balio handiko tresna hezitzaile bat bezala, eta gizarteratzeko inguru egokia bezala. Gauzak horrela La Salle Ikastetxe kirolaria izan da betidanik.

Gaur egun zehazki hiru funtzio hartzen ditu bere gain.

Zarauztarrok kirola egin dezagun txiki txikitatik kirola ezagutzea komeni da eta kirola egiteko ohitura hartzea. Honetarako, kirol hastapena unibertsala izatea garrantzitsua da guretzat ikastetxeak eragile egokiena garela uste baitugu. Zehazki 8 eta 12 urte bitarteko ikasle guztiek, LH3 eta LH6 bitartekoek, kirola egiten hastea bilatzen da. Honenbestez La Sallek bere taldeak osatzen ditu, gehientsuenetan gelaka, eta eskualdeko eskolarteko txapelketatan parte hartzen du. Txapelketa hauek udaletxeen, ikastetxeen eta Zarauzko Kirol Elkartearen artean antolatzen da eta urritik apirila bitarteko larunbata goizetan ospatzen dira. Eskaintzaren zatirik nagusiena talde kirolek osatzen dute, eskubaloia, futbola eta saskibaloia. Osagarri gisa pilota ere eskaintzen da, bestelako kiroletan (mendizaletasuna, errugbia, atletismoa…), berriz, momentuko partaidetza bultzatzen delarik.

12 urtetatik aurrera ikastetxeak ez du eskaintza propiorik, kirol elkarteen ordua da. Ikastetxearen lana 12 urtetik gorakoen artean kirol jarraipena sustatzea da.  Kirolik nork egiten ez duen ezagutzea, kirol eskaintzaren berri ematea eta animatzea da ikastetxearen lana.

Honi lotuta, ikastetxearen eskola kiroleko ereduaren arabera entrenatzaileak gehienbat ikasle ohiak izatea bilatzen da. Talde bat entrenatzea esperientzia hezitzaile aberasgarria da gaztearentzat, konpromisoa eta ardura garatzen du, ikastetxearekin lotura mantentzen da… laburbilduz, hainbat eta hainbat onura ditu gaztearen hazkunde pertsonalerako. Beraz, DBHko ikasleei kirolean jarraitzera animatzeaz gain, entrenatzaile lanetan hasteko aukera eskaintzen zaie.

Bukatzeko, ikastetxean primerako kirol instalazioak ditugu, are gehiago 2010ko udan egindako hobekuntzen ondoren. Esan bezala Zarauzko kirol eskaintza oso zabala da eta aurrera eramateko kirol instalazioak ez dira nahi bezain beste. Gauzak horrela, ikastetxeak bere kirol instalazioak herriari eskaintzen dizkio bai jarduera antolatuentzat eta baita nahi duenak erabili ditzan.