Lide Etxeberria Etxanizek jaso du Antonio Aranzabal Fundazioaren beka

● Aranzabal Fundazioak 24 urte daramatza La Salle Zarauzko ikasleen artean hilabete bat atzerrian igarotzeko beka banatzen. Horrez gain, beharra duten familientzako bekak ere ematen ditu. 

Antonio Aranzabal Fundazioaren eskutik, ekitaldi txiki bat antolatu zuten irailaren 23an La Salle Zarautz ikastetxean. Bertan, Fundazioak emandako bekaren aurtengo irabazlearen berri eman zuten.  Hain zuzen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2022ko ekainean amaitu zuten ikasleak izan dira aurtengo hautagaiak, eta ikaslea aukeratzerako orduan, espediente akademikoaz gain, gaztearen izaera eta jarrera ere izaten dituzte kontuan. Aurtengo beka Lide Etxeberria Etxanizi egokitu zaio, eta hilabeteko egonaldia egingo du atzerrian.  

Zarauzko La Salleko Hezkuntza Elkarte osoaren izenean, hauxe adierazi du Xabi Garate zuzendariak:  “Zorionik beroenak Lideri egindako esfortzuagatik, eta nola ez, eskerrik asko Aranzabal Fundazioari 24 urte hauetan gure eskolari emandako babes eta laguntzagatik”.

Antonio Aranzabal Fundazioa

Fundazioaren helburu nagusia bikaintasun akademikoa sustatzea da, espediente onena duten ikasleei zein baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei laguntza ekonomikoa emanez.