Eskolako bi amek Gautenarekin elkarlanean AEN zer den ulertzeko gida eratu dute

IKUS GIDA

Eskola komunitatea famili askok osatzen duzue. Eskolaren inguruan harreman asko sortzen dira; batzuk ezezagunak izango zarete, beste batzuk aldiz zuen seme-alabei esker elkar ezagutu eta lagunak egin zarete. 

Gaur zuekin partekatuko duguna bi amen arteko enpatia eta laguntasunetik sortutako zerbait da, oinarrian integrazioa, elkar errespetatzea eta euren seme-alabei baloreetan hezitzea egonik.
Joana Uriarte eta Maialen Larrañaga gure eskolako bi ama dira, eta Gautenaren aholkularitzarekin AEN (Autismoaren Espektroko Nahasmendua) duten pertsonak modu inklusiboan tratatzeko jarraibideekin gida bat eratu dute. Uriarte publizitate eta diseinu munduan aritzen da, eta gida berak diseinatu du. 

Zein izan zen gida honen lehen urratsa? 

Joana: Maialenek Martinen diagnostikoa partekatu zuenean, interneten AEN-en inguruko informazio bila hasi nintzen. Orduan, familientzat informazio asko zegoela ikusi nuen, baina hutsune bat zegoela gelakide edota bestelakoek AEN ulertzeko lehen urratsak azalduz. Orduan, pentsatu nuen gida sinple eta grafiko bat egin genezakeela, hain zuzen ere lehen urrats horiek argi azalduz. Hala, Gautenarekin harremanetan jarri nintzen eta oso egoki ikusi zuten, eta denon artean elkarlanean egin dugu. 

Maialen: Ba egia esan, niri Joanak gaiaren berri eman zidanean, jada lana aurreratua zuen. Egia esan, izugarrizko sorpresa izan zen, asko emozionatu ninduen. Gida egiterakoan  AEN duten umeen lagun eta gurasoak genituen buruan. 

Zer dio gidak? 

Joana: gidak oso sinplea eta zuzena izan behar zuela argi genuen, horregatik ezinbestekoa zen Gautenak eduki zehatza ematea. 

Maialen: informazio oso ulerkorra izatea ere beharrezkoa zen. Azken batean, ahalik eta jende gehienena iristea nahi dugu, eta hartzaileak modu erraz batean ulertzea. Lau gako azaltzen dira, agian kanpotik ez dute garrantzitsuak ematen, baina dakizkizunean zure begirada eta haurrari zuzentzeko modua aldatzen dira eta hori da lortu nahi dena. 

Sentsibilizatzearen garrantzia…

Joana: orduan eta haur zein guraso gehiagok jakin AEN-aren inguruan, sentsibilizazioa ere handiagoa izango da, eta hori da behar dena. Ikasgelan giro ona sortzeko modurik onena elkar ezagutzea eta errespetatzea da. 

Maialen: desinformazioak ez du laguntzen, beldurra eragiten duelako.  Horregatik da garrantzitsua gurasoek ere ulertzea zer den AEN, eta nola zuzendu eurengana. Gurasoek beraien seme-alabei azaltzeko eta adibide sinple batzuekin, harremanak asko erraztuz. 

AEN espektroa oso zabala da…

Maialen: hori da, eta horregatik gidak ere osotasun bati erantzun behar zion, baina espektroa oso oso zabala da, eta hortaz ere kontziente izan behar gara. 

Joana: bai halaxe da. Horregatik diogu, gida hau lehen urratsa dela, eta nik uste jarraipena izango duela… 

Gida hau laguntasunaren seinale da…

Maialen: laguntasuna eta seme-alabak ondo hezteko nahietik ere asko du gida honek. Haurra txikitatik baloreetan hezteak duen garrantziaz askotan dihardugu. Azken batean, ikasgelan gainontzeko haurrekin batera daude, eta normalizatzea eta umetatik modu natural batean ikustea da lortu nahi dena. 

Joana: eta haurrak txikiak direnetik sentsibilitatea garatzea ona da zalantzarik gabe, bizitzan zehar onerako eragina izango duena gainera.