Aurtengo Proega proiektuak Togo du jomuga

Zarauzko La Sallek 25 urte baino gehiago daramatza Proyde-Proegarekin elkarlanean sentsibilizazio kanpainak burutzen eta urtero herrialde ezberdin batean gauzatuko den proiektu zehatzetan laguntzen. Horrela, bi aste hauetan eskola osoa Proega Astean murgilduta egongo da, alde batetik sentsibilizazioa eraginez eta beste aldetik, proiektua garatzeko finantziazioa bultzatuz. Horretaz gain, Zarauzko La Sallek herrialde ezberdinetan garatu nahi diren proiektuak gauzatzako, eskolako familien artean Proyde-Proegako bazkidetza indartu nahi du, bai eta sentsibilizazioa eta gogoeta eragin. 

Afrikako eta Hego-Amerikako herrialde ezberdinetan sustatu dira zenbait proiektu, eta aurtengoa Afrikako Togon kokatuta dagoena izango da. Hain zuzen ere aurtengo helburua, Togo iparraldeko haurrentzako kalitatezko lehen hezkuntzako programa sendotzea izango da.  

Togon burutuko da proiektua, herrialdearen iparraldean dagoen Sabanen Eskualdean kokatzen den Dapaong hirigunean zehazki. Populazio handiko eskualdea da, 660.000 biztanle inguru ditu, eta nekazal-ingurunea du. Duela 30 urtetik La Salleko Anaiek zuzentzen dute Dapaong-eko Elizbarrutiaren hezkuntza eta oinarrizko garapen programa, eta urte hauetan ereindakoaren ondorioz, egun 70 eskola daude. Hala ere, oraindik urrun daude eskolatze osoa lortzetik, batez ere nesken kasuan. 

Honela, aurtengo proiektuaren bidez zonaldeko hezkuntza-mailako baliabideen eskasiari erantzun nahi zaio, bereziki bi ardatzetan. Batetik, eskoletako irakasleen formazioa hobetuz eta horretarako 9 hilabetetako ikastaroa eskainiz eta bestetik, eskoletako kantinak deritzoten eskola-jantokiak indartuz. 

Proiektuaren kostu osoa: 31.500 € dira, Eskoletako ikasleen formazioa: 11.500 € eta eskoletako kantinak: 20.000 €
Proyde-Proega
Proyde – Proega 2001. urtean lehentasunezko helburu sozial batekin sortutako Fundazioa da: Garapenerako lankidetza. EAEko La Salle ikastetxe guztiek parte hartzen dute GGKEan, hots, 6.000 baino familia gehiagok.