Gure ikasle ohia da Leire Lopetegi Eguren zarauztarra. 26 urte ditu, eta eskola amaitu zuenetik kilometro asko egin ditu. Munduko hainbat txokotan ibili da eta gogotsu kontatu digu bere ibilbidea.
Zer egin zenuen La Salletik irtetean?
Lizardin egin nuen batxilergoa eta ondoren Biologia ikasketak egin nituen EHUko Leioako fakultatean. Graduko bigarren maila ondoren, 20 urterekin, udako bost aste Bolivian igaro nituen La Salleko “Jende Xumea” taldearekin. 11 lagun joan ginen eta niretzat, han bizitakoa ahaztezina izan zen. Aurretik prestatu baginen ere, zaila da hitzez azaltzea zer den 40 mutil bizi ziren umezurztegi batean bizitzea. Beraiekin egoteak, eskola orduak emateak, errealitate gordin batekin aurrez aurre egitea gogorra izan bazen ere, beraien irribarrea ezin dut ahaztu.
Eta handik etorri eta AEBetara…
Bai, hala izan zen. Izugarrizko talka izan zen, bat-batean Boliviatik Pensilvaniako Franklin and Marshall Unibertsitatera joatea, baina bi esperientzietatik ikasi dut asko. Bertan bost hilabetez egon nintzen Biologiako ikasketak burutzen eta handik bueltan Erasmus beka eskatu nuen eta Azore Uharteetara joateko aukera etorri zitzaidan. Egia esan, izugarri poztu nintzen beka lortu nuenean, Azoreetan itsas biologian zentratzeko aukera ezin hobea nuelako, eta horrela izan zen.
Zenbat denbora egon zara Azore Uharteetan?
Hiru urte egon naiz bertan. Lehen urtea, Biologia ikasketak amaitzen eta behin ikasketak amaituta, lanean hasi nintzen zetazeon gida modura. Niretzat oso garrantzitsua izan da beti naturaren gainean sentsibilizazioa eta jasangarritasuna bultzatzea eta Azoreetan itsasoaren inguruan lan egiteko aukera izugarri aprobetxatu nuen. Bide batez, han nengoela online Irakaskuntzako Irakasle izateko masterra egin nuen, irakaskuntza ere betidanik gustatu izan baitzait.
Ez zara geldirik egotekoa…
Ba ez (kar, kar). Azoreetan gustura egon nintzen, baina itsas biologiaz gehiago ikasi nahi nuenez, Itsas Baliabideen Kudeaketa Masterra egitera joan nintzen Herbehereetako Wageningen University & Research Unibertsitatera eta orain Pasaiako Azti Ikerketa Zentroan ari naiz gauzatzen masterreko tesia. Egia esan, kanpoan oso gustura egon banaiz ere, herrimina nuen, hemen bezala ez baita inon bizi eta etxera etortzea erabaki nuen tesia egitera, baita egungo egoerak ere bultzatuta.
Eta orain zer nahi duzu egin?
Oso irekita nago. Oraindik ez dut erabaki doktoradutza egingo dudan ala ez, baina badakit asko gustatzen zaidala irakaskuntza, sentsibilizazioa eta baita ikerkuntza, beti ere itsas ekosistemen kontserbazioari begira. Niretzat itsasoa dena da. Itsasoak laguntzen dit lasaitzen eta lanetan motibazioa bilatzen. Buzeatzea edota surfeatzea izugarri gustatzen zaizkit, itsasoari asko zor diogu.
Zein oroitzapen dituzu La Salleko ikasle garai haietatik?
Ba oroitzapen itzelak ditut bai irakasleenak edota jangelako Anarenak, baina batez ere nere kuadrila, betiko lagunak. Nire betiko lagunak eskolakoak dira eta hori ederra da.