IRITSI DA ZIRKUA ZARAUTZERA

Urte luzeetako ohiturari jarraituz, La Salle Ikastetxeko 4 urteko ikasleek, ilusioz prestatu dute zirku emanaldia.
 
Urtarrilean, oporretatik bueltan, gogotsu ekin zioten, beraientzat hain berezia den emanaldia prestatzera. Inauterietako etenaldiaren ondoren, azken hilabetean etenik gabe jardun dira entseguekin.
 
Tartean, prestaketa lanetan laguntzeko, Adunan kokatua dagoen ZIRKUOLA lantegian izan ziren ikasleak. Zirkuola, arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen lantegia da eta bisitan ikasitakoak, taularatu zituzten ostiral arratsaldeko emanaldian. 
 
Beraz, entsegu egun guztien ondoren, iritsi zen emanaldiko eguna. Goizean, Monte Albertia Ikastetxean izan ziren ikasleak. Bertan, ‘Ileapainketa eta kosmetika’-ko eta ‘Irudi pertsonalaren eta korporatiboaren aholkularitza’-ko 1. mailako ikasleak zituzten artatzeko zain. Ikasle bakoitza, modu ezberdin batean horraztu eta margotu zituzten, emaitza zoragarriak lortuz. Gainera, gurasoen laguntzari esker, arropa dotoreekin borobildu zituzten mozorroak. 
 
Arratsaldean zen hitzordua. Txiki gelditu zen Ikastetxeko patioa. Familiartekoek ez zuten galdu nahi, beraien haurren emanaldia. Aurkezle lanetan bikain jardun ziren bi ikasle eta azalpen guztiak zuzen eta argi eman zituzten. Osagai guztiak izan zituen zirkuak: magoak, fakirrak, mimoak, trapezistak, pailazoak eta sorpresa handi bat denontzat. Izan ere, Zirkuola-ko bi kidek zuzenean eskaini zuten Ikastetxean, beraien emanaldia. ‘Berdinki – Zirku garaikide konpainia’ osatzen duten Irati Gonzalez eta Koldo Arakistain zarauztarrak beraien akrobazia artistikoak erakutsi zituzten, hunkituta eta aho zabalik utziz bertaratutako ikusle eta ikasleak.
 
Benetan arrakastatsua izan da aurtengoan ere La Salleko zirkua. Irakasle eta ikasleek egindako lanak, txalo zaparrada amaigabe batez eskertu zituzten bertaratuak. Lerro hauen bidez ere, bat egiten dugu leloarekin: zorionak artista guztiei!