Non daude gure ikasle ohiak?

Badira boluntariotza, besteei laguntzea, bere egin duten pertsonak eta Maddi, Ainhoa eta Irene horietakoak dira. Maddi Alberdik ADE eta Zuzenbide ikasketak burutu zituen, Ainhoa Urdangarinek  Biokimika eta Biologia Molekularra ikasi zuen, eta Irene Lekuberrik berriz Pedagogia eta Lehen Hezkuntzako Irakaskuntza ikasketak ditu. Egun, Alberdi eta Urdangarin Bilbo eta Zamudioko Parke Teknologikoan ari dira lanean hurrenez hurren,  eta Lekuberri berriz Irlandan bizi da. Hiruekin bideo-dei bat egin dugu, boluntariotza gogora ekarriz bai eta eskolarekiko dituzten oroitzapen onak ere. 

Noiz hasi zineten boluntario bezala? 

Ainhoa: DBH-n hasi ginen Tandanacui taldean lehen bolondres lanak egiten, gerora bidezko merkataritzako produktuak salduz ere bai etab. Gerora, Hotz Zarautz GKE-ean ere aritu ginen errefuxiatuekin. 

Eta 18-19 urterekin Boliviara joan zineten?

Maddi: bai, 9 lagun joan ginen Jende Xumea taldean eta Bolivian egon ginen 5 astez. Egia esan, ez zaigu sekula ahaztuko han bizitakoa, asko heldutu ginen. 

Irene: ahaztezina izan zen zentzu guztietan. Azken batean, konturatzen zara hain gutxi jakinda, zenbat eman dezakezun, eta hori sentitzea izugarria da. Asko baloratzen zuten, egiten genuen oro.

Maddi: oso intentsoa izan zen Bolivian ikusitakoa eta bizitakoa, eta zazpi urte pasa badira ere, hango denaz ezin hobeto gogoratzen naiz. 

Ainhoa: Jende Xumea-n askotan esaten genuen lema zen “jende txiki askok elkartean, zenbat eman dezakegun” eta egia da. Sinergia handi bat gertatu zen. 

Nola oroitzen dituzue La Salleko garaiak? 

Maddi: gu oso “lasalletarrak” gara (kar, kar, kar), eta orain oso urruti ikusten ditut La Salleko garaiak, ordutik gauza asko pasa direlako, baina oso oroitzapen onak ditut. 

Ainhoa: uste dut eskolak asko erakutsi zigula, besteei laguntzea gure egunerokotasunean aplikatzen. 

Irene: La Sallen asko erakutsi ziguten solidaritateari buruz eta hori da geratzen zaiguna.