GURASO ESKOLA 2020-2021
DATU PRAKTIKOAK:
- ✎ Noiz: hilean behin, urritik ekainera bitartean. 9 saio, 2 ordutakoak.
- ✎ Non: Irakasle Gelan eta egoerak hala eskatuko balu, online egingo genuke. Dena den, aurrez aurreko saioetan osasun protokoloak agintzen duena beteko dugu.
- ✎ Ordutegia: 2 aukera emango ditugu: 14:30-16:30 / 18:00-20:00
- ✎ Prezioa: 90€/pertsona ikasturte osorako.
- ✎ Muga: Taldeek 10 laguneko topea izango dute eta haurren adinen arabera antolatzen saiatuko gara.
- ✎ Hizkuntza: taldearen beharretara moldatuko gara
- ✎ Izen-ematea, emailean adierazitako estekan sartuta izena eman daiteke.
Epemuga URRIAREN 6a izango da.
ZER DA GURASO ESKOLA?
2 ikasturte daramatza Guraso Eskolak martxan ikastetxean. Guraso bezala kezkatzen gaituzten gaiei buruz hitz egiteko tartea irekiz eta gaur egun interesgarriak eta baliagarriak diren gaiak jorratzen: gure haurrekiko komunikazioa nola landu eraginkorra izan dadin, adimen emozionalaren garapen on bat izateko zein tresna erabil ditzakegun ikusi, haurren arteko liskarretan gure parte-hartzea nola izan daitekeen lagungarri aztertu, nola lagundu gure nerabeei bere aurreneko irteeretan, alkohola…, heriotza eta galeren aurrean nola lagun ditzakegun haurrak…
Gaur egun bizi dugun egoera berezi eta ezegonkor honen aurrean, inoiz baino behar gehiago ikusten dugu leku bat izatea elkarbanatzeko eta elkarri babesteko. Kanpotik informazioa beldurretik eta ezkortasunetik dator kasu askotan, guk modu eraikitzaile eta baikorrean begiratuko diogu.
Helburua:
Guraso Eskola honen helburua gurasoentzat konfiantzazko eta informazio-iturri izango den espazio bat irekitzea da. Modu batean edo bestean, antzerako egoerak bizi ditugu gure haurrekin eta tarte honek gai horiek konpartitzeko aukera emango digu. Kasu batzuetan kontzeptu eta ideia batzuk azalduko dira, baina saioen dinamika ez da bakarrizketa bat izango; helburua, denon parte-hartzea bultzatu eta bermatzea izango da, ahalik eta praktikoena eta baliagarriena izan dadin. Eta horretarako konfiantza-giro bat sortzen ahaleginduko gara.
Koordinatzailearen aurkezpena:
Miren Ros. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua naiz eta 15 urteetan enpresa munduan lan egin dut.
Ama izan nintzanetik etengabe formatzen ibili izan naiz haurren hazkuntza eta heziketaren inguruan: Pedagogia Sistemikoa, edoskitzea, galerak eta dolua, PRH (Personas y Relaciones Humanas), Adimen Emozionala, Montessori etxean nola aplikatu, matematika manipulatiboak…
2015an nire ibilbide profesionala aldatzea erabaki nuen eta nire proiektu pertsonalarekin hasi nintzen: Bidelagun ( www.bidelagun.eus ). Guraso eskolak, hitzaldiak eta ikastaroak eman ditut haurren hazkuntza eta hezkuntzaren inguruan, baita familiako edo banakako akonpainamenduak ere egiten ditut.