Back

GAU BELTZA edo ARIMEN GAUA

Halloween iritsi baina askoz lehenago, gure arbasoek jada ospatzen zuten hemen Gau Beltza edo Arimen Gaua. Santu Guztien Egunaren bezperan, hots, urriaren 31an, misterioa, magia eta beldurra protagonistatzat zituen ospakizunak egiten ziren Euskal Herriko landa eremuan.

Gau Beltzean, hildakoak hilobietatik ateratzen dira. Hildakoek eta bizidunek elkarrekin igarotzeko gaua irudikatzen du jaiak: hori bai, hildakoek bizidunak ezagutu behar ez dituztenez, bizidunak aurpegiak estalita aterako dira kalera. 

Gau Beltzak hasten du, hain zuzen, neguko festen zikloa: badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedan amaitzen da, makilen hotsarekin berriro lurra esnatuz. 

Jaia berreskuratzearekin batera, haren jatorrizko euskal kutsua ere gorde nahi da, azken urteetan erruz zabaldu diren erdarazko “truco o trato” esapideen ordez, euskaraz tradizio luzea dutenei eutsiz. Gure ikasleek hau ikasi dute:

Xanduli manduli kirrikiki,

eman gaztainak guri.

Txingila mingila kumiskario

sagarrak merke eta udareak kario.