Guraso eskola, denok dugu zer ikasi

Miren Ros-en eskutik La Salle Zarautzen dagoen guraso eskolan gai ezberdinak lantzen dira hilero.

Nahi al duzu guraso eskola gehiago ezagutu?

Seme-alaba txikiak dituzten gurasoek emozioen eta kasketen kudeaketaz, autoestimaz eta autonomiaz izan ohi dituzte kezka gehien. Helduxeagoak dituztenek berriz, lagunen arteko harremanak, mugikorra eta Interneten erabilera, nerabezaroa, sexualitatea, aurreneko irteerak (drogak…)…

Dena den, badira gai batzuk, beti errepikatzen direnak: seme-alabekin komunikazio eraginkorra izatea, liskarrak kudeatzea, muga argiak ezartzea eta batez ere, emozioen kudeaketa egoki bat lortzea (geurea eta seme-alabena). 

  • Nola lantzen dituzu gaiak?

Gai-zerrenda luze bat dut eta gai bakoitzaren inguruan aurkezpen bat prestatua dut artikulu, bideo eta liburu anitzekin. Horrela, aditu ezberdinen iritziak plazaratzen dizkiet, ikuspuntu anitzak erakusteko. Nik sekula ez diet esaten zer eta nola egin behar duten, baizik eta nire esperientzia propioa azalduz, partaideek bere iritzi eta esperientzia partekatzea da helburu. Honez gain, saio guztietan dinamikaren bat sartzen dut azaldutakoa hobeto barneratzeko.

Bestalde, gaia edozein dela ere, autozaintzan eta norbere buruaren ezagutzari ezinbesteko garrantzia ematen diot, garrantzitsua baita heldu eta guraso modura, gu geu ondo egotea, gure emozioak ondo kudeatzea, gure haur eta gaztetxoen bidelagun izateko. Honen harira, saioak beti meditazio batekin hasten ditugu. 

  • Nola jorratzen dituzue gaiak Guraso Eskolan?

Izena eman duten gurasoei, landu nahi dituzten gaien zerrenda eskatzen diet. Hala gai-ranking bat sortzen dut. Ikasturtean zehar, 9 saio inguru ditugu eta bakoitzean gai bat lantzen badugu ere, badira saio bat baino gehiagotan azaltzen diren gaiak, komunikazio eraginkorrarena adibidez, sakontasun handiagoa eskatzen dutelako.  

Era berean, gainontzeko gurasoen iritzi eta esperientziak balio handikoak izaten dira. Adituen iritziez haratago, oso lagungarria izaten da beste gurasoentzat; gertuko pertsona baten esperientzia zein den. 

  •  Ikasturte hasieratik amaierara, zein izaten da gurasoei antzematen diezun aldaketa handiena?

Saioetan partekatutako momentu guzti horiek arrasto positiboa uzten dute gurasoengan.

Egunerokotasunean, ez dugu tarterik izaten guraso modura dugun jarduna begiratzeko, patxadaz hausnartzeko…. eta Guraso Eskolan guzti hori baimentzen da, eta gurasoek hori asko eskertzen dute. Konfidantzazko giro lasai eta seguru batean, bere kezkak, sentimenduak eta ideiak partekatzen dituzte eta horrek asko laguntzen die gauzak erlatibizatzen.