Nazioarteko esperientziak

Nazioartekotzeaz jardutean, batez ere, hizkuntzetan pentsatzen dugula egia da. Horregatik, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan ditu sustraiak ideia honek, eta urteak dira hau ahalbidetzeko urrats txikiak ematen hasi ginenetik. Pausorik pauso, azkenean, aztarnek bidea urratzen dute, eta horra, azkenean, imajinatua genuen bide hura, egi bilakatzen hasia.

Euskalduntasuna oinarri, munduaren globaltasunean hizkuntzak ezagutzea zein garrantzitsu den ez du inork zalantzan jarriko. Eta gurean, euskararekin batera, euskal kulturaren transmisioa ezinbesteko ardatz dugulako, badakigu beste hizkuntzetan ere kulturaren ezagutzak baduela garrantzia, hizkuntzaz haratago, balio erantsi bat. Horregatik ari gara azken urteotan, balio horien bilaketa etengabean, proposamen berriak luzatzen.

Honezkero, teknologia berrien laguntzaz, bideokonferentzia bidez beste herrialdeetako ikastaldeekin elkarlanean jarduteko aukerak baliatzen ditugu, eta zaharrenen artean, on-line modalitatean Estatu Batuetako Batxilergoa eskuratzeko Batxilergo Duala lantzeko aukera zabaldu dugu. On-line jarduteak, titulazioa eskuratzeko ezezik,hizkuntzan eta norberaren autonomian eta antolaketan ere trebatzeko aukera eskeintzen digulako iruditzen zaigu interesgarri.

Bide beretik, Lacunzarekin urteak daramatzagu ikasle zein irakasleen artean eskolaz-kanpoko ingelesa lantzen, eta gure pozerako, azken urteotan frantsesa ikasteko taldeak ere indar hartzen hasiak dira. Hori horrela izanik, auzokide ditugun hizkuntzetan murgiltzeko aukerak zabaldu nahi izan ditugu, eta DBH 3. mailan Bordeleko La Salle – Saint Genès ikastetxearekin elkar-trukea egiten dugu, astebetean “Paris-txikiko” kultura bertakoen eskutik bizitzeko, haien adineko gazteen egunerokotasuna gertutik ezagutzeko. Itzuleran, gureei dagokie kanpotarrak eskuzabal hartzea, eta orain arteko esperientziekin oso gustora gaudela aitortu behar. Esperientzia hori sakonagoa izatea nahi dutenek badute, gainera, Baionako La Salle ikastetxean urtebetez aritzeko aukera, astelehenetik ostiralera bitarte bertako barnetegian ikasturtea eman eta DBH2 zein DBH3 ikasturtea bertan burutuz.

Bestalde, azken urteotan La Salle Sareak irakasleen ingeleseko trebakuntzarako baliatzen duen bere Maltako La Salle ikastetxearekin harremanak estutu ditugu, eta uda partean irakasleetariko batzuk han hamabostaldia egiten badute, neguaren sarrerarekin batera DBH 4. Mailako ikasleek dute bertaratzeko aukera, hango Gabon giroa ezagutu eta ingelesa praktikatzeko.

Pixkanaka, Erasmus proiektuetan ere murgildu gara, hizkuntzen eskutik beste kulturen aberastasunak ezagutzeko. Etxean ikasi baitugu, euskararen eskutik euskal kulturaz goza daitekeela. Eta horixe da, hain zuzen ere, beste hizkuntzei eman nahi diegun aukera; kultura desberdinetara hurbilduz, aniztasuna baloratu eta aberatsagoak garelako.